GARA > Azkenak > Kultura

MUSIKA

Berri Txarrak taldearen "Zertarako amestu" dokumentala, Portobelloko Film Festival-en

Berri Txarrak taldearen inguruan Ibon A. Totorika zuzendariak egindako "Zertarako amestu" dokumentala Portobelloko Film Festival-en estreinatuko dute gaur, Londresen, Death of alternative Music Venues atalaren barruan.

29/08/2008 10:45:00

BILBO-. Dokumentalean Ibon A. Totorikak zinegile getxoztarrak Berri Txarrak taldearen 25 hilabete bizienak jasotzen ditu, "Jaio.Musika.Hil" diska grabatzen hasi zirenetik, Europa, Amerika eta Asian zehar egindako bira luzea bukatu arte. Horrezaz gain, modu berezian filmatutako Gernikako Astra eraikinean eskainitako kontzertu bat ageri da dokumentalean.

Gaur estreinatuko da dokumentala Portobelloko Film Festival-en.

Berri Txarak taldea azken hamarkadan Euskal Herrian izan den talde garrantzitsuenetako bat izan da. Bost diska ditu kalean eta ehunka kontzertu eskaini dituzte mundu osoan zehar, oso kritika onak jasoz.

Abuztuaren 16an euren "Jaio.Musika.Hil" bira amaitu zuten Gernikan. Kontzertu horretan Mikel López "Rubio" baxu-jotzaileak agur esan zion taldeari. Taldeko gainontzeko bi kideak (Gorka Urbizu, ahotsa eta kitarra, eta Aitor Goikoetxea, bateria) kanta berriak prestatzen hasiko dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo