ANDRA MARI ZURIAREN JAIAK
Festazale gazteenak beren eguna ospatzen ari dira Zeledon eta Neska txikien eskutik
Zeledon txikiaren eta Neska txikiaren eguna da gaur Gasteizen eta, beraz, hiriko festazale gazteenek bereziki gozatzeko aukera duten hitzordua. Eguerdian lehen aldiz egin du jaitsiera Neska txikiak, Zeledonekin batera, Plaza Berrian.
07/08/2008 11:03:00

GASTEIZ-. Gaur etxeko festazale txikienen txanda da, Zeledon txikia eta Neska txikiaren eguna, hain zuzen. Aurten, Beñat Valle eta Ane Amor izendatu dituzte Zeledon txikia eta Neska txikia.
25 urte betetzen ditu aurten Zeledon txikiaren egunak, eta aitzaki ezin hobea da urtero haurrek berentzako propio egina den egitarauaz gozatzeko. Lehenik eta behin, San Migel elizan, goizeko hamaikak aldera, Beñatek eta Anek blusa txikien laguntza izan dute Andra Mari Zuriari lore eskaintza egiteko.
Eguerdi partean, iragan astelehenean gertatutakoaren antzera, Zeledon txikiaren eta Neska txikiaren jaitsiera izan da Plaza Berrian, eta plaza honetatik abiatu da ondoren erraldoien eta buruhandien kalejira.
Buruileria plazan, aldiz, umeentzako ginkana bat antolatu dute Alde Zaharreko merkatarien elkarteak eta Zoroak koadrilak, 12.00etan, eta parte-hartzaileek hainbat sari irabazi ahal izan dituzte proposatutako probak gaindituz.
Honekin batera, Prado parkean, egunero bezala, Abentura gunea dute, eta bertan hainbat joko eta kiroletan aritzeko aukera. Argi dago ume eta gazteek aitzakiarik ez dutela gaur etxean geratzeko.




